XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Teresa galduak bidea aurkitu zuen.

Berak Teresa galdu zuen. Bide aurkituak, beste gizon batenganako ziurtasunak ematen ei zion zure ahotsari gogortasun hura. Bera kanpoan uzten zuen ahotsa.

Egia zen.

Egia zen, beraz, ezkontzen zinela eta gezurra zirudien berari horrek horrenbesterako mina ematea.

Zerbait kendu baliote bezala sentitu zela gogoratzen da.

Lasaitasun hura, mugagabetasun hura, bien arteko erlazioaren definigaiztasun hura bukatzen zela.

Erosotasuna, askatasun txiki edo handi hura bukatzen zela.

Luis errenditu egin zen.

Garai hartantsu, gauzak korapilotan etortzen baitira eta tximistaren ondoren trumoia entzuten den bezala, Luisi atzerrira joateko aukera iritsi zitzaion.

Atzerrira, doktoregoa bukatu eta biblioteka onak dauden lekuan irakatsi, ikerketa irakaskuntza bezain inportantea den leku batean bizi.

Agur txokoari, agur bolada batez gu-eta-gutarrei, agur, agur zuri ere, agur koadrilari eta Parte Zaharreko poteo euritsuei.

Joan egingo zen.

Urte batzuetarako joango zen. Oxijeno bila. Zutaz ahanztera. Beste hizkuntza bat erabiltzera, bat bakarra, hizkuntza bakarra